Tuesday, March 21, 2006

Antigoaleko Berrikuntza

Harridura handiz ikusi dut, azken 4 urte hauetan, martxan egon den Hezkuntza Berrikuntzaren ataria (www.berrikuntza.net), "tokiz" aldatu dela. Eta hori gutxi balitz, nere ustez, orientazioz ere!
Interneten zeukan ostatua aldatu diote, duela egun batzuk, beste zerbitzari batean jartzeko. Orain arte, bi toki publikotan izan du kokapena:
  • Elejabarriko IKT Taldearen egoitzan (Abandoko Berritzegunean, Hezkuntza sailak Bilboko Tolosa Kalean duen B01ean)
  • Euskaltelen Zamudioko egoitzan
    aurreko kokapenean konketibitatea galdu zuenean

Gaur egun enpresa pribatu baten ostatuan dago, egon! Datu guzti hauek, eta beste asko, Netcraft zerbitzuak eskaintzen dizkigu argiro!

MUGIMENDUA ETA TENDENTZIAK
Azken bost urtetan, gauza asko geratu dira Interneten, baina interesgarrienak "Web 2.0" delakoaren inguruan izan dira: Sarea erabiltzeko era berri bat sortu dela nabigatzaileen artean. Momentuz ez da gorputz teoriko bat, filosofia integral bat, tendentzia bat baizik. Baina gero eta gehiago hedatzen ari da, gero eta zabalagoa da eboluzio honen tendentzia.
Eta bost urte hauetan, Berrikuntzak izan duen bilakaera aztertzeko modukoa da, orain
dagoen tokian
egon arte: badirudi izenik ere ez duela merezi zerbitzu horrek. Edo oraingo Berrikuntzan esaten dion moduan: Berrikuntza zaharra edo Antigüa Berrikuntza.
Oraindik eskuragarri dago duela 5 urte martxan jarri zeneko zerbitzuaren dokumentua : zeinetan ikus daitezke orduko asmoak eta atariak egiten zuen eskaintza (hezkuntza munduko erabiltzaileei noski)

  • Toki bat zerbitzarian edukitzea (disko birtuala) norbere dokumentu eta web orriak kudeatuz, hezitzailearen ardurapean noski: edonondik konektatu ahal izateko
  • Foroetan parte hartu eztabaidatzeko, iritziak irakurri, desadostasunak erakutsi eta amankomuneko puntuak bilatzeko: iritzi askatasuna
  • Lan-Taldeetan parte hartu lan komuna egiteko eta interes-taldeetan alta eman: nolabaiteko sindikazioa, gaur esaten den moduan
  • Estekak publikoki konpartituta: zeureak besteekin, eta besteonak zeuretzat, denon artean erabakitakoak
  • Aholkuak eman eta jaso: liburuak, web tokiak, materialak...
Guzti hau, bi alde mantenduz: publikoa eta pribatua (irakasle bakoitzak kudeatu eta erabiltzeko, ardura eta askatasuna, lana eta ondorioak). Zerbitzariaren funtsa eta erabilpenaren laburpen bat hemen aurkitu daiteke oraindik

ETA ORAINGO BERRIKUNTZAK?
Baina tokia aldatzeaz gain, orientabidea ere aldatu da, nire ustez. Eta nire arrazoiak azalduko ditut. Lehen atari horizontal bat bezala jaio zena, gero eta bertikalago bihurtzen ari da.
5 urte pasatu direnean, gero eta gehiago dira lehen webaren denbora eta estiloa pasatzen ari dela (Web 1.0 deritzo) esaten dutenak, planteamendu estatikoak dauzkalako. Ez horrenbeste teknikoki, web orri dinamikoak izateagatik (php edo datubase aldakorretan); baizik eta zerbitzari baten barruan dauden datuak eta erabiltzaileak, mugitu, zabaldu eta berrantolatu daitezkeelako. Eta elkar-eragina ahalbideratzen dutelako. Eta Web 2.0 ari da sortzen , gero eta indartsuago, erabiltzaileen neurrira, eta batik bat erraz mantentzeko web berri bat sortzen ari delako, aukerak sozialak zabalduz.
Garai hauetan Berrikuntza berria agertzen da (www.berrikuntza.net) bat-batean, inorekin kontatu gabe! Irakasleei galdetu gabe, lehengo erabiltzaileei zerbitzuaz iritzia eskatu gabe, hezkuntza munduan behar diren tresna komunikatiboetaz eztabaida piztu gabe.
Eta hara non, aurrekoak zituen abantaila guztiak desagertu dira; eta zeuden erabiltzaileak lurrindu egin dira, eta zerbitzariak zituen dokumentuak ezin dira aurkitu, eta... Etorkizuneko tendentziekin konektatzen zuten elementu guztiak garbitu (deuseztu??)egin dituzte atari horretatik.
Orduan galdera zera da... Zein ideiarekin sortu da zerbitzu berri hau? Norentzat da? Nork du bere "eskuetan" zerbitzari hau? Noren beharrizanak erantzuteko sortu da? Noren berrikuntzak bultzatuko ditu?
Baldin eta denbora berriek markatzen duten tendentziaren kontra badoa... zein eratako Berrikuntzasuposatzen du?
Galdera hauek eta beste asko bururatzen zaizkit, eta ez daukat nori luzatu, ez daukat inter-lokutorerik! Ez Interneten, ez inon! Ea oraingoa, ANTIGOALEKO Berrikuntza deitu behar dugun, inolako aurrerapenik ez digulako ekartzen. Hezkuntza munduko erabiltzaile berriztatzaileentzat bederen. Zuk/zuek nola ikusten duzu/e?

Artikulu hau Sustatun ere aurkitu dezakezu, eta bertan komentatu, hala nahi baduzu.

Monday, March 20, 2006

WEBia jaioberria!

Web bi puntu zero delakoaren jaiotza aldarrikatu dugu Elejabarriko ziber-eskolan! Hezkuntza munduarentzat bederen.
Gorka Julio (Teketen) hizlari delarik, Bizkaiko IKT teknikariek Web 2.0 hezkuntzarako erditzen saiatu dira.
Hasieran argi azaldu da, Web2.0 zer den: Ez da teknologia, jarrera bat baizik! Internet erabiltzeko era bat.
Aurkezpena jarraitzen laguntzeko TinyURL sistemarekin bideratu dizkigu berak egindako azalpenak. Azken batean, Web bia laburtzeko bi hizki daude: I + G, hau da, Irudimena eta Gogoa!
Horrez gain Web jaioberriaren kontzeptuen laburpen bat hemen ikus daiteke ere!

Friday, March 17, 2006

IKTak Hezkuntzan erretrataturik

Atzokoan, 2006.ko Martxoaren 16an Miramongo Parke teknologikoan, Teknologi Berrien Aplikazioa Hezkuntzan gaiaren inguruan lan-jardunaldi bat ospatu zen.
Bertan gaiaren argazki bat atera zen: Hezkuntza munduan IKTak nola dauden.
Gaia esplizituki hori ezbazen ere, Mac eta Appleren tresneriarekin zein erreza den ikusteaz gain, gaurko ikastetxe publikoetan dauden zailtasunak agirian gelditu ziren.
Galdera airean somatu zitekeen: Mac ekipamenduekin hain erreza bada webean argitaratzea.... zergatik ez ditugu eskura ikastetxe publikoetan? Edo beste era batera esanda, zergatik Premia ekipamenduetan ez da posible beste ekipo batzuk konektatzea, zerbitzari moduan edo bezero gisan?
Galdera hauek eta antzeko beste batzuk erantzuteko, hasieran irekiera jardunaldian egon ziren pertsonen falta somatu zen bukaera aldera!